Historia

 

Jatorriak

Gure kooperatibaren ibilbidea 1963an hasi zen. Urte hartan, Gasteizko dozena erdi bat familia ados jarri eta erabaki zuten beren seme-alabei hezkuntza alternatiboa eskaintzea, ohiko ikastetxeetan eskaintzen zutena ez bezalakoa. Ez zen erronka txikia, inola ere ez. Euskarak, euskal hizkuntzak, une hartako ofizialtasunak ukatzen zion tokia eduki behar zuen hezkuntza horretan. Ekimen hari esker, hamalau ikasle hasi ziren Zerkabarren kaleko etxebizitza batean, Izaskun Arrue (1927- 2016) andereño zutela. Izaskun izan zen, beraz, Olabide Ikastolako lehendabiziko andereñoa.

Hasiera zaila izan zen, baina sortzaileek ez zuten etsi; izan ere, nahiz eta ikastetxea ez zen ofiziala, nahiz eta ez zuten inolako laguntzarik jasotzen erakundeetatik, nahiz eta izaera juridikorik ez zeukan, nahiz eta ezin zuen promozio publikorik egin, eskaera gero eta handiagoa zen. Zehatzago esanda, 1966-67 ikasturtean baziren 34 ikasle izena emandakoak, eta 1967-68 urtean, berriz, aurreikuspenik baikorrenak ere txiki geratu ziren, 85 ikaslek eman baitzuten izena. Ordurako hiru andereño ari ziren lanean ikastolan. Klandestinitatean lan egitera behartuta zegoen proiektua, ametsa, erakundea, errealitate indartsu bihurtzen ari zen.

 

Bilakaera

Ikastolak zeukan hazkundea ikusita, familiek erabaki zuten ikastetxe gisa legeztatzea. Garai hartako gorabeherak zirela-eta, Francoren diktaduraren azken garaia baitzen hura, antolatzeko gaitasun handia eta hamaika trikimailu baliatu behar izan zituzten ikastetxeak aurrera egin zezan. Egindako gestioei esker, garai hartako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak, Lehen Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiaren ofizio baten bidez, 1968ko urriaren 3an, Aita Raimundo Olabide Ikastetxea aintzatetsi zuen. Hezkuntza sisteman garai hartan indarrean zeuden baldintzek hainbat istorio bitxi eragin zuten, argazki ofizialak eta bestelako gaiak eduki behar baitziren, eta ikastetxe berri hark hainbat ikusketa, aldez aurretik ondo prestatutako ikusketak, nonbait, “gainditu” behar izan baitzituen.

Edonola ere, status aldaketa horrek ekarri zuen proiektua sendotzea, eta izugarri hazi zen ikasle, irakasle, gainerako langile kopurua, bai eta instalazioak handitu ere. Olabide sortu zutenek sozietate bat eratu zuten, higiezinen sektorekoa, “Arriaga SA” izenekoa, prozesua ahalbidetu zuena. Ikastetxeak, 1968 urtean, 85 ikasle zituen, eta 1972. urtean, berriz, 496. Zuzendaritza taldekoek aurre egin behar izan zioten bilakaera hori, eta horregatik, hiru eraikin ere hartu behar izan zituzten, Estibalizko Amaren kalean; hartu ez ezik, egokitu ere bai, denbora tarte oso laburrean, ikasle eta irakasle guztiak hartu ahal izateko.

 

Baikorrenen aurreikuspenak ere gainditzen zituen errealitateak. Ikasle kopurua etengabe ari zen handitzen, eta gehikuntza horri aurre egiteko hartzen ziren behin-behineko irtenbideen ondoren, 1973an finkatu egin zen gure hezkuntza proiektua. Urte hartako urtarrilaren 24an Lan Ministerioak onartu egin zuen hezkuntza kooperatiba eratzea; “Aita Raimundo Olabide“ zuen izena, eta 360 familiak eratu zuten. Ikastetxeak 496 ikasle zituen. Kooperatiba 1972ko apirilaren 12an eratu zen, eta eratu bezain laster erabakiak hartzen hasi ziren. 20.000 metro koadroko lursaila erosi zuen kooperatibak Lasarten, eta gaur egun gure instalazioak osatzen dituzten eraikinetako lehena eraikitzeko lanak abiarazi zituen. Lehenengo eraikina 1975eko apirilaren 19an inauguratu zuten.

Olabide proiektuak, beraz, erronka handiak izan zituen aurrez aurre, batez ere diru kontuak, gaur egungo errealitatea bihurtu arte, alegia, ikasle kopuruari dagokionez, Arabako Ikastolari handiena izan arte. Hirurogeita hamargarren hamarkadak ere, krisia eta inflazioa izan zirela medio, gogor jo zuen Olabide, baina kooperatiba osatzen zutenek, kooperatibako kideek eta zuzendaritzako kideek, laguntzaileek eta Arabako Foru Aldundiaren Euskara zerbitzuak egindako lanari eta erakutsitako gogoari esker, eragozpen guztiak gainditu zituzten.

Urteen joan-etorriarekin, Olabideren hezkuntza eskaintza handitu egin zen, eta BBB eta UBI ere hasi zen eskaintzen; horrez gain, kultura eta kirol elkarteak ere sortu ziren, eskolaz kanpoko jarduerak bultzatzearren; bestalde, ikastolaren beraren hazkundeari eta azken bi hamarkadetan hezkuntzak izan duen bilakaeraren ondorioz sortutako behar berriei aurre egin ahal izateko, eraikin eta ekipo berriak ere lortu zituen Ikastolak. Hala bada, 1983an Zelaia eraikina inauguratu zen, Juan Zelaiaren oroimenez, izan ere, ezinbesteko laguntza eskaini zuen proiektu gauza zedin.

Izaskun Arruek gidatu zuen esperientzia aitzindari hura errealitate indartsu da gaur egun, eta horretan izan dute berebiziko garrantzia hainbat gertaerek, esaterako, euskal erakundeak sortzea eta finkatzea; Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila sortzea; lege, finantza eta era guztietako egoera arautzeko prozesuek; hezkuntza hitzarmenen erregimena garatzeak; eta, ohi bezala, Olabide osatzen dugunon ahaleginak ere bai.

Ikurra

Gure ikurra Olabide ikastolaren erakusgarri da. Adierazle argi eta sendoa. Irakurterraza, ikusgarria eta esanahi handikoa.
Alde batetik, zuhaitza, jakintzaren eta zientziaren isla. Iraganean, orain eta gero ere, zuhaitz emankorra. Zuhaitz horrek bi adar lodi ditu, batez ere elebiduna den taldearen adierazle.
Beste alde batetik, marraztu gabe dagoen arren, hor ageri den, zirkulua. Gure ikusmenaren magiak abiarazten duen forma.
Oinarri-oinarrizko forma, garai guztietan adierazi duena orobatasuna, taldearekiko eta ideia batekiko lotura, berdintasuna, senidetasuna... eta irudikatu dena besarkadaren, amatasunaren, dantzaren bidez, alegia, besoekin asmo onenez inguratzen dugunaren bidez.
Gure-gurea den gunea; ikusmenaren besarkarda, den-dena, bizi garen eta gure proiektua biziarazten duguneko tokia biltzen duena.
Azkenik, oinarrian, Ikastolaren izena, diseinuz eta argitasunez irudiaren pareko den tipografiaz idatzita.

Fitxategia: